Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak erabiltzaileek gehien baloratzen duten jardueretako bat berrartzea erabaki du: egutegia etxez etxe banatzea. Bi urtez, hainbat arrazoirengatik, ezin izan zen horrela egin baina, jendeak eskatuta eta guk ere uste dugulako garrantzitsua dela bai Mankomunitatearentzat baita gure bizilagunentzat ere, aurten berriro banatu da egutegia Bortzirietako etxebizitza guztietan.
Aurreko urteetan bezala, egutegi erakargarria egiten saiatu gara, kolore anitzekin, Bortzirietako irudiekin eta hitzorduak, oroigarriak eta abar idazteko tartearekin, jendearentzat praktikoa izateko.
Era berean, beti bezala, gure zerbitzuei buruzko informazioa sartu da, edukiontzi bakoitzera zer bota behar den, atez ateko traste handiko bilketa-zerbitzuaren telefono-zenbakia, garbigunera zer eramaten ahal den eta abar. Horrez gain, berrikuntza gisa, ohar espezifiko bat sartu da Garbigunea irekiko dugun larunbat guztietan, orokorrean hileko azken larunbatean. Eta, nola ez, jendeak hainbertze eskatzen duen baratze, ilargi eta egutegi bioklimatikoari buruzko informazioa sartu da.
Egutegia konpletoa eta erakargarria izatea saiatzen gara, jendeak gordetzeko eta, horrela, Mankomunitateko zerbitzuei buruzko informazioa eskura izateko.
Egutegien banaketa
Azken egun hauetan Bortzirietako etxebizitza guztietan egutegia postontzietan banatu da. Inork jaso ez badu, Mankomunitateak Etxalarren dituen bulegoetara joaten ahal da jasotzera edo Alkaiagako industrialdean dagoean Garbigunera, irekita astelehenetik ortziralera 12:00etatik 15:00etara. Mankomunitatearekin telefonoz ere harremanetan jartzen ahal da 948 63 52 54 telefonora deituz.
Eskerrak
Bortzirietako Mankomunitatetik eskerrak eman nahi dizkiegu Rosa Mª Errandonea, Oskar Txoperena eta Aitziber Abasolori 2022ko egutegirako argazkiak utzi dizkigutelako. Baita aurreko urteetako egutegietarako argazkiak utzi dizkiguten guztiei ere.