Loading 0%

Bortzirietako Mankomunitateak, kasu honetan Baztango Udalarekin batera, elikagaien xahuketaren aurkako kanpaina bat jarri du abian. Kalkuluen arabera, Nafarroan urtean batez beste 75 kg elikagai botatzen dira etxeetan, eta kopuruak handiagoak dira ostalaritzaren sektorean. Horregatik, Mankomunitatea inguruko jatetxeekin harremanetan jarri da, eta kanpaina honetan parte hartzera animatu ditu. Kanpaina horretan, zakarrontzira botatzen den elikagai kopurua gutxitzen saiatuko dira, eta, gainera, jankideei aukera emango diete tupper batean jan ez den janaria etxera eramateko. Tupper horiek Nafarroako Hondakinen Partzuergoak erosi ditu eta plastiko konpostagarriz eginda daude; beraz, gehiago erabiliko ez direnean, materia organikorako edukiontzi marroira bota behar dira, ez horira.

Oraingoz, 6 jatetxek erabaki dute ekimen honen alde egitea:

  • Zalain jatetxea
  • Botxo ostatua
  • Lenkonea jatetxea (Churrut)
  • Zubiondo jatetxea
  • Kasino ostatua
  • Linddurrenborda sagardotegia

Horiei guztiei tupperrak eta garraiatzeko kutxatxo bat emango zaizkie, bai eta sarrerako atean jartzeko itsasgarriak eta menuko edo kartako orrietarako txikiagoak diren beste batzuk ere. Sare sozialen bitartez zabalduko diren bi bideo ere prestatu dira.

Bestalde, hozkailu bat ere erosi da Alkaiagako Mankomunitatearen nabean kokatu dena, eta, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera, freskoen programari atxikitzeko eskatu zaio Nafarroako Elikagaien Bankuari, zerbitzu hori erabiltzen duten familien artean ontziratu gabeko beste elikagai mota batzuk banatu ahal izateko. Bortzirietako tabernak, jatetxeak eta elikadura-saltokiak ere animatu dira jangarriak diren baina saldu ez diren elikagaiak ematera, elikagai horiek alferrik ez galtzeko eta Elikagaien Bankuaren eskaintza hobetzeko.