Loading 0%

Kamioi horrek Mankomunitate osoko materia organikoa bilduko du eta baita ere errefusaren zirkuitu bat

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak gurpil-edukiontziak biltzeko 18 m3-ko edukiera duen atzeko kargako kamioi berria erosi du.

Ibilgailu hori, batez ere, astelehen, asteazken eta ortziraletan egiten den materia organikoaren (edukiontzi marroiaren) gaikako bilketan erabiliko da. Hala ere, errefusa biltzeko zirkuitu bat ere eginen du, batez ere Arantzan, Igantzin, Etxalarren eta Bortzirietako baserri auzoetan.

Kamioi berriak orain arte erabili izan dena ordezkatuko du, ezaugarri beretsuetakoa, baina azkeneko hau mantentzen segituko da bilketa puntualetarako edo matxurak gertatzen direnean  ordezkapenak egiteko.

Materia organikoa gaika biltzeko dirulaguntza

Kamioi berriak 192.866,18 €-ko kostua izan du (BEZa barne) eta Mankomunitateak hainbat dirulaguntza eskatu ditu. Hala ere, dirulaguntza horiek kamioiak materia organikoa biltzeko eginen duen lanari baino ez zaizkio aplikatzen. Kalkuluen arabera, lan hori egindako denbora osoaren % 61,65 izanen da.

Gaur egun ez dago inolako dirulaguntzarik nahastutako hondakinak biltzeko, gehien kutsatzen duena. Beraz, ingurumenekoez gain, bereizteko eta birziklatzeko arrazoi ekonomikoak ere badaude.

Azkenik, bi dirulaguntza lortu dira:

– 2022ko Nafarroako Hondakinen Funtsaren dirulaguntza. Urte anitzeko etxeko fluxua: 83.231,40 €

– Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren MITERD funtsak enpresa publikoetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntza: 42.258,56 €

Materia organikoa biltzeko kamioi berria