Elkarte gastronomikoetako hondakinen kudeaketa ere hobetuko da
Nafarroako Hondakinen Partzuergoak bi ekimen berri jarri ditu abian azaroaren 16tik 24ra bitartean ospatzen ari den Europako Prebentzioaren Astearen barrenean. Ekitaldi hauen helburua egunerokoan sortzen dugun hondakin kopurua murriztea da. Eta, beti bezala, Bortzirietako Mankomunitateak ekimen horiek babestu ditu eta Partzuergoarekin elkarlanean aritu da gure eskualdean aurrera eramateko.
Fruta-dendarako poltsa berrerabilgarriak
2021ean egin zen bezala, fruta-dendetan berrerabil daitezkeen sare-poltsa berriak erosi dira. Horrela, fruta eta barazkiak erosterakoan erabiltzen diren plastikozko poltsen kopurua murriztu egiten da.
Zehazki, berrerabil daitezkeen 4 sare-poltsako pack bat banatuko zaie erabiltzeko konpromisoa hartzen duten erabiltzaileei. Bortzirietako Mankomunitateak fruta eta barazkiak saltzen dituzten saltoki guztiei emango dizkie poltsa horiek, eta bezeroen artean banatuko dituzte.
Heldu den ortzegunetik aitzinera, azaroak 22, erosi ahal izango dira material horiek.
Elkarte gastronomikoetako hondakinen kudeaketa hobetzea
Bigarren kanpaina Bortzirietako elkarte gastronomikoei zuzenduta dago. Hondakinak bereizteko kolore desberdinetako ontziak eskaini zaizkie, eta baita kartelak ere, bazkideek bakoitzean zer bota behar den jakin dezaten.
Tupper konpostagarriak ere badaude, soberakinak etxera eraman ahal izateko eta, horrela, elikagaien xahuketari aurre egiteko, hori baita gaur egun hondakinen kudeaketari dagokionez dagoen arazo handienetako bat.
Gainera, kanpainan parte hartzen duten elkarteei bi mandar emango zaizkie.
Bi kanpaina horiek Nafarroako Hondakinen Partzuergoak sustatu ditu, Nafarroako Gobernuarekin, Ecoembesekin eta Ecovidriorekin lankidetzan.


