Gainera, bi kamioi berri erosi ditu zerbitzu horretarako 395.916,10 eurotan


Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak Servicios Urbanos de Limpieza y Acondicionamiento, S.L. (SEULA) enpresari esleitu dio errefusa (edukiontzi berdea) eta materia organikoa (edukiontzi marroia) biltzeko zerbitzua, urtean 267.080,00 €-tan (BEZ barne).Kontratuak 2 urteko iraupena izanen du hasieran, eta urtebeterako luzatu ahal izanen da, gehienez 5 urte arte. Beraz, kontratu osoa betez gero, Mankomunitatearen gastua 1.335.400,00 €-koa izango litzateke 5 urtean bi zerbitzu horietarako.
Errefusa astean 4 egunetan bieltzen da Beran eta Lesakan, eta hiru egunetan Arantzan, Etxalarren eta Igantzin. Zerbitzu horiek indartu egiten dira udan, herriko bestetan, ekitaldi berezietan eta, orokoerrean, zerbitzuak hala eskatzen duenean.
Bertzalde, materia organikoa astean 3 egunetan biltzen da urte osoan. Gainera, zerbitzu honen barruan sartzen da industrialdeetan etxeko hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak biltzea, hau da, errefusa, materia organikoa eta ontzi arinak.
Zerbitzu horiek emateko, 4 langile (3 gidari eta peoi bat) eta atzeko kargako bi kamioi ditugu; bat hiru ardatzeko eta bertzea bikoa. Gutxienez ordezkapen-kamioi bat ere badago, bietako batek matxuraren bat duenerako.


2 kamioi berri
Hondakinak biltzeko kamioien batez bertzeko bizitza 10-12 urtekoa da, eta gaur egungo kamioiak 2011n eta 2013an erosi ziren. Beraz, Mankomunitateak bi kamioi berri erosi berri ditu, 192.866,18 €-tan eta 203.049,92 €-tan (BEZa barne).
3 ardatzeko kamioia errefusa biltzeko baino ez da erabiltzen, eta 2 ardatzeko kamioia bi hondakin moten artean txandakatzen da, eta astean 2 egunetan errefusa biltzen du, eta astean 3 egunetan materia organikoa.
Mankomunitateak bi dirulaguntza eskatu ditu kamioi horiek erosteko, Nafarroako Hondakinen Funtsari eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planari. Baina ez dago inolako dirulaguntzarik hondakinak nahasiak biltzeko, errefusa. Beraz, materia organikoaren zati proportzionalerako baino ez da jaso, eta guztira 120.000 € inguru izanen dela kalkulatzen da.


Errefusa murriztea
Bortzirietan gaur egun biltzen diren hondakinen ia erdia errefusan nahastuta daude, baina ez luke guztizkoaren % 5-10 baino gehiago izan behar.
Zati horrek, beraz, diru eta ahalegin handia eskatzen dio Mankomunitateari, eta bai zerbitzua bai inbertsioak tasekin ordaindu behar dira oso-osorik. Gainera, nahastuta bildutako hondakin gehienak ezin dira bereizi birziklatzeko, beraz, ingurumenari dagokionez ere arazo aunitz sortzen ditu.
Horregatik, Mankomunitateak urte aunitz daramatza neurriak hartzen eta kanpainak egiten jendea kontzientziatzeko hondakinak bereiztearen eta errefusa gutxitzearen garrantziaz.