Loading 0%

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatea bigarren eskuko azoka txiki bat antolatzen ari da, Garbigunean jaso dituen eta egoera onean dauden edo erraz konpon daitezkeen objektu guztiekin.

Hitzordua azaroaren 20an izango da, larunbatean, 09: 00etatik 13: 00etara, Bortzirietako Garbigunean, Alkaiaga Poligonoan, Zubiondo jatetxearen aurrean.

Ekintza honen helburua da Garbigunea ez izatea hondakinak biltzeko gune bat soilik, baizik eta erabiltzen ez ditugun edo behar ez ditugun objektuak trukatzeko leku bat, egoera onean daudenak eta beste pertsona batzuek erabiltzen jarrai dezaketenak. Horrela, Berrerabilpenaren ideia indartzen dugu, bigarrena Europar Batasuneko hondakinen hierarkian, Prebentzioaren atzetik, baina Birziklatzearen gainetik. Izan ere, egoera onean dauden objektuak berrerabiliz, hondakinak sortzea eta horiek kudeatzeak sortzen dituen kostuak, ingurumenekoak zein ekonomikoak, ekiditen ditugu. Gainera, objektu berriak ekoizteko industrian behar diren lehengaien eta baliabideen kopurua murrizten dugu, baita Lurretik ateratzeko sortutako kutsadura ere.

Objektu horien salmentatik lortutako diru guztia Bortzirietan ingurumen- eta gizarte-proiektuak egiteko erabiliko da. Horrela, eskerrak eman nahi dizkiegu gure erabiltzaileei gure ingurunea zaintzeko erakutsi duten interesagatik eta konpromisoagatik, eta azoka txiki honetan parte hartzeagatik. Horrez gain, Garbigunearen garrantzia eta hondakinen kudeaketa egokia nabarmendu nahi ditugu.

Larunbateko azoka txikirako Garbigunea prestatu ahal izateko, aurreko egunean, ostiralean, itxita egongo da.

Bortzirietako Mankomunitatetik jendea animatu nahi dugu azoka txikira joan dadin eta Garbigunea eta egiten ari den lana ezagutzera. Zuen zain gaude!!