Loading 0%

Prestatu zure konposta

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak zure etxeko konposta egiteko behar duzun materiala guztia eskaintzen dizu

Inguru giroarekin zaintzeko modu ona eta modu berean hondakinak murrizteko era bat. Aldi berean zure loreontzitan edo baratzean erabiltzeko konposta sortuko duzu

Eskuragarri dagoen materiala:

Etxeko konpostagailua
Aireatzailea
Etxeko pozala
Gida

Konpostatzea eta konposta

Etxeko konpostagailua

Konpostajeak lurbeltza sortzeko prozesu naturala imitatzea du helburu, konpost izeneko produktua lortuz.

Konposta mikroorganismo deskonposatzaileek (bakteriak, onddoak…) eta organismo txikiek (zizareak eta kakalardoak konparazio batera) sortutako materia organikoaren deskonposizio aerobioaren (oxigenoa dagoenean) produktua da.

Konpostaren onurak ugariak eta anitzak dira: osagai ongarridunak eta elikagarriak atxikitzen laguntzen du, lurzoruaren egitura fisikoa hobetzen du eta bere erosioa murrizten du.

Era berean, aire, ur eta bero trukaketak erregulatzen ditu lurraren, eguratsaren eta landareen artean.

Gainera, landareendako elikagarrien erabilgarritasuna hobetu eta ugaritzeaz gain, lurzoruaren pHa ere erregulatzen du.

Konpostatzearen onurak

Etxean sortzen dugun zabor gehiena materia organikoa da, eta tratamendu bat egin ondotik, gure baratze eta lorategietan aprobetxatzen ahal da osagarri organiko modura.

Konpostajea etxean egiteak hainbat onura eskaintzen digu guztioi:

  • Zabortegietara doan materia organikoaren kopurua murrizten da.
  • Ongarri ez-organikoen erabilera murrizten du, hauek ordezkatzen baititu.
  • Konpostak bere baitan ura gordetzeko duen ahalmenari esker, ur guttiago beharko dugu ureztatzerakoan.
  • Landareen hazkunderako/garapenerako beharrezko nutrienteak/elikagarriak ematen ditu modu naturalean.
  • Hondakinen garraioaren kosteak murrizten ditu honek herritarrei eskaintzen dien ondoko onurekin.
%7 Bertzeak pilak, ehunak-oihalak, tamaina handikoak…%15 Ontziak ontziak, botilak eta plastikozko poltsak…%50 Materia organikoa janari, animali eta landare hondarrak
%8 Beira botilak, ontziak…%20 Papera egunkariak, aldizkariak, paperezko eta kartoizko ontziak…

Konpostatzearen onurarakoan eragina duten faktoreak

Eragina duten faktoreak
  • Konpostatzeko materialaren neurria: hobe da 1 eta 5 cm arteko zatitxoak izatea
  • Karbono eta Nitrogenoaren (C:N) arteko erlazioa
  • Aireztapena
  • Hezetasuna: %40 eta %60 artean
  • Tenperatura: 35ºC eta 65ºC artean

Konpostatzeko materialaren neurria

  • Neurririk egokiena 1 eta 5 cm artekoa da.
  • Hondakinen artean ‘zati handi’ ugari baldin bada, usteltze prozesua motelduko du. Horrelakoetan, hobe da zati ttikiagotan puskatzea.
  • Hasiera-hasieratik hondakinak ongi zatituz gero, degradazio eta deskonposizio prozesua erraztuko da, hain zuzen ere, mikroorganismoek erasotzeko ukigune gehiago izanen dutelako.
  • Hondakin zatiak sobera xeheak baldin badira, multzoa trinkotu eginen da, eta ondorioz, urak eta aireak kanpoaldearekin duten interakzioa trabatuko da. Garrantzitsuena hondaki-zati handiak eta ttikiak proportzio beretsuak parekatzea da, oxigenatzeko tarte nahikoa izateko (adibidez, belarra eta adar zatiak nahastea).

Karbono-Nitrogeno arteko erlazioa

  • Nitrogeno kopuru handiko hondakinak: Hegaztien gorotza, belarra, kafearen hondarrak, fruta eta barazki hondarrak.
  • Karbono eta nitrogeno kopuru parekatua duten hondakinak: Fruta-arbolen hostoak eta zuhaixkatxoen adarrak, osinak, ganaduen gorotzak, adar xeheak.
  • Karbono kopuru handiko hondakinak: Adar handiak, zerrautsa, papera/kartoia, egur txirbila, azalak, lastoa, pinu hostoak, haritz eta pago hostoak.
Oharra:

Nitrogeno ugari duten hondakinek usteltze prozesua azkartzen duten arren, lurbeltz gutti sortzen dute. Karbono ugari duten hondakinek usteltze prozesua moteldu arren, lurbeltz ugari sortzen dute.

Aireztapena

Konpost bihurtzeko, materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoak aerobioak dira, hau da, oxigenoa behar duten mikroorganismoak. Konpost multzoa ongi aireztatua egoteko, komeni da:

  • Hondakin xehe eta handiak ongi nahastea.
  • Hondakinak iraultzea multzoa sobera trinkotzen bada edota hezetasun handia baldin badu. badu.

Hezetasuna

Mikroorganismo gehienek ezin dute bizi gutxienezko hezetasunik gabe. Gehiegizko urak putzuak sortzen ditu eta hondakin-multzoan airea sartzea galarazten du. Hondakinak usteldu egiten dira usai txarrak sortuz. Hezetasun maila egokiena %40 eta %60 artean dago. Hezetasun gehiegi dagoen ikusteko hartu konpost eskukada bat eta eskuarekin estutu. Estutzerakoan eskua busti baina ura erortzen ez bada, hezetasun maila optimoa da.

Oharra:

Hezetasun gehiegi baldin bada, komeni da hondakin idorrak gehitzea multzora: lastoa, adar xeheak, azalak, zerrautsa, papera/kartoia. Hezetasun gutxi baldin bada, hondakin hezeak bota daitezke: fruta eta barazki hondarrak, belar moztu berria. Hori egin ondotik hondakin multzoak ez baldin badu hezetasun maila egokirik lortu, multzo horretara ur pixka bat bota daiteke.

Etxeko konpostajean materia organikoaren degradazioa 35 eta 65ºC arteko tenperaturan lortzen da. Hondakin multzoa tenperatura tarte horretan mantentzea garrantzitsua da arrazoi hauengatik:

  • Materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoek tenperatura tarte horretan “lan” egiten dute.
  • Organismo patogeno, bizkarroi eta belar txarren hazi gehienak tenperatura altuetan akabatzen dira.

Tenperaturak 75ºC gainditzen baditu, hondakin multzoa hoztu behar da ureztatuz edota irauliz, ongi aireztatzeko. Tenperatura arras baxua baldin bada, honako arrazoi hauengatik izan daiteke:

  • Konpost multzoa txikiegia izatea. Kasu honetan hondakin gehiago gehitu beharko da multzora.
  • Hondakinak lehorregiak egotea edo nitrogeno nahikorik ez izatea.

Tenperatura 35ºC azpitik bada, mikroorganismoek motelago lan egiten dute.Tenperatura altuegia bada, konpostatze prozesuan parte hartzen duten mikroorganismoak hil egiten dira.

  • 2. edo 3. egunetik aintzinera tenperatura 50-60ºC-ra igotzen da.
  • Hurrengo 15-20 egunetan 65 eta 75ºC artean mantentzen da.
  • Bigarren edo hirugarren astetik aintzinera, tenperatura jautsi eginen da kanpoko tenperaturara iritsi arte.

Konpostontzia non kokatu

Lurrarekin kontaktuan egon behar da, zizare eta xomorroak hazteko eta beharrezkoa den hezetasuna lortzeko. Konpostatze gunean komeni da lekua uztea egin behar diren lanetarako (hondakinak pilatu,

irauli eta harrotu). Leku hotzetan, konpostontzia eguzkiari begira egotea da egokiena, epeltasunak mikroorganismoen lana errazteko.

Haizetik babestuta egon behar da, hezetasuna gordetzeko eta ez sobera hozteko. Haizetik babestuta egon behar da, hezetasuna gordetzeko eta hozketa galarazteko. Klima beroetan komeni da konpostontzia itzalean kokatzea, hezetasunik ez galtzeko.

Euri ugari egiten duen inguruetan, komeni da konpostontzia lona irazgaitz eta transpiragarri batekin estaltzea, tapa bat jartzea edo estalpe batean kokatzea. Bertzela, hezetasun gehiegi hartuko du eta hondakinen hartzidura prozesua hoztuko da, eta ondorioz, lixibatzearen eraginagatik, nutrienteak galduko dira edota airearen presentzia jautsiko da, bakteria anaerobikoak eta usteldurak sortuz.

Konpostarako hondakinak

Hostoak eta landare hondarrak:

  • Arbolen azala: motel desegiten da. Txikitzea komeni da.
  • Hostoak: kopuru ttikitan.
  • Saiatu pinu hostoak, haziak eta gaixotasunen bat duten landareak baztertzen.

Errautsak:

  • Busti behar dira lehendik.
  • Kedarrik ez bota.

Sukaldeko hondarrak

  • Arrautza hondarra: Arras motel desegiten dira.
  • Frutak eta barazkiak.
  • Animalien hondakinak:vKopuru ttikitan.

Kimaketa eta lorategietako hondarrak

  • Belarra.
  • Kimatutako adarrak: 5cm.koak gehienez.

Papera eta kartoia

  • Zatitu eta busti lehenik.
  • Hobe da kolorezko tinta duten paperik ez botatzea.

Gorotzak

Kafe eta infusio hondarrak

  • Trinkotu gabe eta material zunzdunekin nahasiak (adar txikiak).

Arropak eta ehunak

  • Bakarrik zuntz naturalak, kopuru ttikitan eta zatituta.

Segitu beharreko urratsak

Hurrengo aldietan, hondakinak sortu ahala multzora gehitzen joan, kontuan hartuta hondakin hezeen kopuruak hondakin lehorren kopuruaren bikoitza izan behar duela. Hondakinak multzora gehitu ondotik, ongi nahastu behar da lehendik zegoenarekin ongi bateratzeko. Lehenengo aldian gutxienez 50 cm arte bete konpostontzia, hondakin lehorrak eta hezeak kopuru berdinean sartuz. Zolean egur-hondakinak jarri, multzoaren aireztapena errazteko.

Konposta egiten 4-5 hilabete igaro ondotik edota konpostontzia beterik dagoenean, jada atera ahal izanen da lurbeltza, konpostontziaren zolean dagoena, alegia. Konposta erabili baino lehen komeni da galbahetik pasatzea, oraindik konpostatu gabe dauden hondakin zati handiak bereizteko. Bereiztutako hondakin zatiak konpost multzora itzuliko dira.

Nola ezagutu konpost ona

Usaina: Oihaneko lurraren usaina baldin badu ongi konpostatua dagoenaren seinale da eta lasai erabil daiteke. Amoniako edo ustel kiratsa baldin badu berriro konpostatu behar da, hondakin lehorrak eta nitrogeno ugarikoak gehituz eta multzoa aireztatuz. Usainik ez baldin badu edo lur idorrarena badu, gehiegi usteldu denaren seinale da.

Hezetasuna eta egitura: Ongi egindako konpostak egitura laxoa eta bikortsua du. Konpost eskukada bat hartu eta eskuarekin estutzerakoan tantarik botatzen ez baldin badu eta papurtzen ez bada, konposta ongi egina dago. Konposta papurtzen bada, lehorregi dago. Eskuarekin estutzerakoan ura botatzen badu, hezeegi dagoenaren seinale da.

Kolorea eta itxura: Ongi egindako konposta kolore ilunekoa da eta jatorriko osagaiak bereiztezinak dira. Jatorriko osagaiak ikusten badira, konposta ondu gabe dago. Gris edo xuri antzeko kolorea baldin badu, konposta lehorregia dagoela edo onddoak daudela erakusten du.

Gerta litezkeen arazoendako konponbideak

InzidentziaArrazoiaKonponbidea
Kiratsa– Ur gehiegi. – Aireztapen desegokia. – Nitrogeno ugari dutenhondakin gehiegi.Hondakin idorrak gehitu eta multzoa ongi nahasi.
Ulitxak daude (ozpin-euliak)Arrunta da baina ulitxak agertzea saihes daiteke. – Nitrogeno ugari duten hondakin sobera dago (janari hondarrak).Ez erabili pestizidarik. Janari hondarrak hondakin lehorrekin estali edo konpostontziko hondakinak ongi nahastu.
Hondakinek hezetasun gehiegi dute– Hondakin berri gehiegi dago. – Euria egin duenean konpostontzia ez da estali.Hondakin idorrak gehitu eta multzoa ongi nahastu, hezetasuna eta hondakinak ongi bateratu arte.
Konpostak kolore zurixka du– Hondakinak sobera lehorrak daude. – Konpostan onddoak atera dira.Hondakinak lehorregiak badaude, hondakin berriak gehitu eta ongi nahastu. Konpostontzia ureztatu zolatik ura atera arte. Konpostontzia itzalean jarri. Onddorik baldin bada, aireztatu multzoa egun batzuz.
Ez du nahikoa tenperaturarik hartzen– Multzoa sobera ttikia da. – Nitrogeno ugari duten hondakin gutxi dago. – Hondakinak idorregiak daude.Nitrogeno ugari duten hondakinak gehitu eta hezetasun nahiko dagoela egiaztatu. Multzoa lehor baldin badago, ureztatu. Konpostontzia gutxienez erdiraino betea egon behar da tenperatura altuetara iristeko.

Konposta nola erabili

Konpost berria (Freskoa)Konpost ondua (humus)
Deskonposizioa2-3 hilabete4-6 hilabete edo gehiago
Konpostaren erabileraKonpost berria, lurraren gainean 5 cmko estalki bat eginez hedatuz, aski ona da lur-mamia tenperatura aldaketetatik eta lehortasunatik babesteko. Teknika honi estalketa deitzen zaio eta konpostak, lurrarekin bat egitean, haren kalitatea hobetu egiten du, ura aurreztu eta belar txarrak haztea galerazi bidenabar.Konpost ondua, lurraren gainetik estalki modura hedatzen ahal bada ere, ona da nagusiki lurbeltz-ongarri modura erabiltzeko loreontzi, soropil, landarehesi eta baratzetan erabiltzeko, berez, lurrarentzat beharrezkoak diren mineraletan aberatsa baita (nitrogenoa, kaltzioa, eta abar…). Era berean, lurraren egitura hobetzeko lagungarri da eta ura bildu eta edukitzeko kapazitatea ere hobetzen du. Erabili beharreko proportzioa baratze eta landare-hesietan metro kuadroko 2-3 kilokoa da (5 litro), 10-15 cm sartuz lur azpian. Fruta-arbolen kasuan, enborraren inguruko diametroan, konpost ondua zabaldu gutxienez 3cmko geruza bat sortuz eta lurazalarekin nahasik.